AZPIKONTRATAK

Azpikontratak


ELAren komunikatua behin eta berriz irakurri eta hamaika gezur irakurtzeaz gain, ematen du ahaztu egin zaiela esatea zein izan zen beraien proposamena, beraiek deitutako komitearen batzarrean. Bada, hauxe izan zen ELAk esandakoa: “Guk ikusiko dugu zer egin”.


LABeko kideok ondo dakigu orain arte zer egin duten eta hemendik aurrera zer egingo duten ere. Orain arte egindakoa: ordu estrak kobratzea sinatu eta bombardier motako azpikontratak txalotu (bombardier azpikontratan tailerreko makinak eraman zituzten, eta ELAren babes tazituarekin, enpresari bideak zabaldu zitzaizkion enplegua prekarizatzen jarraitzeko).


Itxuraz, EREko prozesu guztian bezala, ELA ez dela egoeraz jabetu eta azkenean, gehiengo sindikalaren aurreakordioa (51 langile hartzea bermatzen zuena) enpresak ez zuen onartu eta delegazioak, gure borondatearen kontra, ebazpen bat inposatu zigun. Ebazpenaren eranskinak debekatu egiten ditu ordu estrak eta azpikontratak eta enpresarentzat ere bete beharrekoa da. Hori bete dadin komite osoaren lana da.Hala ere, ikusten ari garenez, ELAK ez dute uste hori beran lana danik.


Nola liteke ELA sindikatu gehiengodunak batzar urgentea deitu eta gauza ez izatea proposamen bat ere mahai gainean jartzeko?


Zer espero zuten, bada? LABek proposamenak egin, eta gainera proposamenak gureak izateagatik geuk aurrera eramatea?


ELAren proposamen bakarra komunikatuak atera, ez ikusiarenak egin eta ezer ez egitea al da?


Bada garaia ELAri kontuak eskatzeko: erakuts dezala zergatik den SACeko sindikatu gehiengoduna eta has dadila lanean; eta hala ez bada, dimititu eta utz diezagula benetan ordu estren eta azpikontraten kontra gaudenoi trabarik gabe lan egiten.


46 langile kaleratu ondoren ordu estrak sartzeko arrisku garbia zegoela ikusita, LABek orain dela hilabete eta erdiko komitearen batzarrean eta urtarrilaren 12ko asanbladan ere, adierazi zion komiteari jarduera-kontsentsua lortu behar zela, komite osoak jarduera-protokoloa zehaztu behar zuela, azpikontrata edo ordu estra bakarra egin orduko erantzuteko. LABeko kideok oraindik ere erantzunaren zain gaude.

Askok jakingo duzuenez, aurten hauteskunde sindikalak egingo dira. ELAren helburu bakarra gehiengo sindikalari eustea denez, langileak alde batera utziko ditu, ez zaiolako komeni SACen zuzendaritzari arazoak sortzea.


Nola azalduko die ELAk 46 kaleratuei sindikatu gehiengoduna ez dela gauza izan proposamen bakarra ere egiteko? Oraindik gehiago, nola azaldu ez dela gauza komitean ezer adosteko, jakinda LABek egin zuela bere proposamena?


Ordu estren eta azpikontraten kontrako borrokan egindako bide luzeak erakusten du ordu estrak sinatu ez dugun sindikatu bakarra garela (zuzendaritzak guri ondo ordainarazi eta gainerakoei ondo ordaindutako jarrera). Beraz, gure jarrera garbi dago.


Komitean LABek eragin gutxiegi duenez (bederatzi delegatuko bat) eta komiteak borrokarako jarrerarik ez duela ikusita, SACeko langile guztioi eskatzen dizuegu bakoitzak bere delegatua presionatzeko, azpikontraten eta ordu estren arazo ikaragarri honekin amaitu eta gure lankideak lanera buelta daitezen, horixe baita kaleratuak bueltatzeko bide bakarra.

LABeko sail sindikala